XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ASTEKO BERRIAK

Ixtudianten hasarrea

Iragan astean, bazter guziak airean atxiki dituzte Pariseko ixtudiantek.

Aspaldiko usaia xaharra dute hori ixtudiantek, arrabots eta kalapita egitea Pariseko karriketan.

Aldi huntan ahatik etziren batere josteta gose.

Joanden asteko nahasmenduetarik landa, preso altxatuak zituen polizak zonbait ixtudiant buru bero.

Sorbonako buruzagiek berriz hetsi zuten eskol-etxe hori eta haren zain ezarri poliza-gizonak.

Horiek oro arras gaitzitu zaizkote ixtudianteri, eta ortzirale aratsaldean eskoletako kartierean berriz bildu dira milaka, han zituztela ere beren eskolemaileak eta lizetako ikasle gazteak.Pariseko polizaren nausiak harat igorriak zituen jandarma andana bat, zer gerta ere.

Gauerdi artio ez da halako nahasmendurik izan eta goizeko biak irian ainitz etxerat itzuliak ziren.

Han gelditu dira bakarrik errabiatuenak, zonbait ehun ahatik.

Karriketarik atera harriak metaturik ezarri dituzte eta heien gibelean jarri aterbean, oihuka eta zalapartaka etzirela handik mogituko ixtudiantek galdeginak ardietsi arte.

Heien galdeak, preso zituzten lagunak berehala libratzea, eta Sorbona-tik poliza-gizonek lekuak hustea.

Sorbona-ko buruzagiekin mintzatu dira ixtudiantak, bainan debaldetan.

Orduan, manua ukanik, han ziren C.R.S. jandarmak hasi dira harri meta hetarik ixtudiantak haizatu beharrez, nigar eginarazteko grenadak botaz eta eskutan zituzten matoak baliatuz.

Beren buruak begiratzen zituzten ixtudiant gaztek jandarmer botaz eskuratzen zituzten gauza guziak eta su emanez karriketan ziren otomobileri.

Hots, goizeko seiak artio arizan dira itsuski kolpeka.

Eta nahasmendu horiek gelditu direlarik, kondatu dituzte 307 kolpatu, 460 preso altxatuak eta 168 otomobil fundituak.

Zorionez ez da izan hilik.

Horiek oro ikustearekin, ixtudiant eta langile zindikatek jakin arazi dute Frantzia guzian lan-gelditze bat muntatzen zutela asteleheneko, goraki erakusteko beren samurgoa gobernuaren kontra.

Erran gabe doa ez dutela gau hartan lo handirik egin minixtroek.

Kanpoan zen Pompidou lehen minixtroa.Ebiakoitz aratsean Pariserat jin delarik, gobernuko bere lagunak eta Errepublikako Presidenta ikusi ondoan, telebixtan mintzatu da, laburzki bainan fermuki, erranez astelehen goizean berriz idokiko dutela Sorbona, eta legeak ahala eman bezain laster libratuko zituztela preso ziren ixtudiantak.

Ahatik baratu behar zirela nahasmendu guziak, bazterrerat utzi buru muntatzale ixtudiant edo nunbaitik jin gazte ergel batzu eta serioski lanari lotu.

Erran bezala, astelehen goizean ideki dute beraz Sorbona, handik kenduak ere zituzten jandarmak.

Ahatik ixtudiant guti da harat agertu.

Funtsean hobe zuten etxean egonik eskolemailek ere lana utzia baitzuten egun hartan ixtudianten artean karriketan aurkitzeko gisan.

Hots, bazen mogimendu astelehen aratsaldean Pariseko kartier hortan.

Halere eta zorionez denak itsuskeriarik gabe pasatu dira, ixtudiantek eta harat jinak ziren langilek egiten zutela berek beren gisako poliza.

Eta egun berean, Frantzian gaindi hiri haundienetan, molde hortako manifeztazioneak izan dira, ixtudiant, langile eta berdin laborariak elgarretaraturik.

Nola itzuliko dira orai gauzak? Nork daki? Ageri den gauza ahatik, lan frango ukanen duela gobernuak ixtudianten samurgoaren eztitzen.

Uniberzitatea behar dela kanbiatu eta eskol emaiteko moldeak erreberritu diote gobernuko jaunek berek.

Ez da hori egun batez egin ditaken lana.

Bizkitartean baitezpadako lana!

Bake solas

Ixtudianten nahasmendu horiek itzali dute apur bat Pariseko bertze gertakari bat, aspaldian denek desiratzen eta egun hotan aipatzen zutena, Amerikanoen eta Iphar-Vietnamtarren elgarretaratzea.

Iragan astean Pariserat jinak ziren bi herri horietako gizonak, maiatzaren hamarrean beren solas-aldiak hasteko gisan.

Ortziralean junt egin bil tokian Harriman eta Xuan Thuy-en bi lagunek, haxean ezartzeko azken punduak lehen bilkurari buruz.

Astelehen goizean egin dute lehen bilkura hori, eta diotenaz omore hoberenean hasi dira mintzatzen, bakotxak erraiten zuela bere gogoaren berri Vietnameko gerla hortaz.

Erran gabe doa xede horiek ez dituztela berdinak, eta pentsatzeko da ez dutela berehalakoan elgar adituko.

Halere denek esperantza dute noizbait bederen ezarriko dutela xutik hautsimautsi bat.

Solas aldi horiek hastearekin, Vietnam Hego-aldeko komunixtek beren indarra berriz ere erakutsi nahi izan dute.

Saigon hiri kapitalean egin dute beren ukaldia, bainan orai ere debaldetan.

Zorigaitzez, berriz ere izan da ainitz hil eta kolpatu.